HERRIA BATURIK

Remendaré al poeta: en poco espacio mucha primavera. Porque pequeña es nuestra tierra a día de hoy en extensión geográfica, pero grande y rica en historia, en fidelidad así mismo, en logros. Digan lo que quieran actas y crónicas, tan amantes de siempre del dato solmne y del personaje de relumbrón, LA VERDAD PURA Y SIMPLE ES QUE UN PAÍS NO LO HACEN UNOS POCOS, SI NO EL PUEBLO ENTERO. Herria Baturik http://eu-es.facebook.com/soseuskalherria

D annos belli --- Anno MDXII - Anno MMXII ---500 Urte Konkistaturik --500 Años Conquistado

D annos belli --- Anno MDXII - Anno MMXII ---500 Urte Konkistaturik --500 Años Conquistado
שנים של כיבוש500 - fethi 500 yıl 500 年征服 500 - χρόνια της κατάκτησης - 500 năm chinh phục - 정복의 오백년-500 年征服-500 عاما من الفتح

«bizitza ez da gatxa, geuk egiten dugu gatx»

2011-08-06

Biltzen, berotzen, bozten


Gontzal Mendibil
Musikaria

Inork ez du dudarik garai berrietan gaudela, garai zahar-berrietan esango nuke. Eta garai berriak eredu eta etekin berriak behar ditu hartu eta eraiki. Garai berriak gurean, an0tzinakoen balioaz, ezagupenaz eta jakituriaz atondu beharko dira. Aurrera ekiteko osagai esanguratsuz baliatuz, belaunaldi eta aro bakoitzaren ezagutzaren eta ikasgai horien batuketa beharrezkoa dugu. Zeren, esana da, historia ondo ikasten ez duena bizi izan duena errepikatzera behartuta dago.

Gogoeta sakonetako garai berrietan gaude, pitxar bat apurtuz eta hustuz doakigu, eta guztiok hondoratu gaituen krisi sakonak ekar diezazkigukeen aukeren bila ari gara etengabe. Garai berri honek etxearen izaera landuz, etxeko landareak ureztatuz, etxekoen arteko euskaldunon egunoroko bizitza, lana eta konbibentzia areagotu beharko du. Hitz egiteko era ere biziagotu, geureagotu beharko du. Etxea, etxekoak eta janariak berotzeko zen sua, bizitzaren sinbolotzat duguna, abegi oneko sua zentzuz berpiztu beharrean gaude.

Gaur ordenagailu, sakelakoak, telebista eta abar dira biltzen gaituen esparruak. Haien baliopidean eta erabileraren menpe gaude, haien esklabo gara. Inoiz baino askatasun gehiago dago eta inoiz baino lotuago eta kontrolatuago gaude. Informazio eta desinformazioa, egiak eta gezurrak ere halaxe datozkigu, eta marionetak baikinan, geure egiten ditugu gehienetan, hausnarketa askorik gabe. Garai moderno honetan, sentipenaren arrazoietatik urrundu nahi gaituzte. Baina zerbaitek huts egin die.

Eta gu, bide berri honetan, bide zaharren jakintza beharrean aurkitzen gara, etxeari eutsiz helburu argira begiratuz. Bizitzeko, bizi irauteko gauzak argi edukitzea beharrezkoa dugu, nahiz eta gure solairuan gauzak argituz doazen. Oraingoz, orokorrean, gauzak ez daude argi. Indarra, boterea, agintea eta edukia nagusitu izan dira bizitzaren arrazoi gisa. Hauxe, modernitatearen paradigma. Erabilera eta praktikotasun guztiak teoria eta pentsaera bati lotuak daude orain eta hemen. Euskal Herri honen etorkizunak modu berriak edo berri zaharrak eraiki behar ditu nahi eta nahi ez.

Beti esan izan da euskaldunok historiaurrea dugula historia bera baino zabalagoa, sarkorragoa. Beti aipatu izan da gure kultura amatasun edo matriarkalismoari lotua dagoela. Biztu dezagun beraz, izan garena eta jar dezagun garai honetako gizarte aurrerakoienean. Aitaren indarra erabili dugu euskaldunok urteotan, amaren sua barik, halaxe izan da, halaxe behar zuen izan, eta horrelaxe iraun dugu. Baina gaur eta hemen, kontzeptu berri-zaharrak biztuz doazkigu. Amaren izatea, egitasmoa, abegia… abagune berri honetan hori guztia berpizteko garaia delakoan nago.

Aspaldi da Jon Sarasuak eta bestek plazaratutako gogoeta, «amaren sua» ikuspegi kulturala erabiliaz, kultura politiko berri baten beharra aldarrikatzen zutena. Gabriel Arestik ezagun egin zuen «Nire aitaren etxea defendituko dut» poemaren balioaz jarraitu izan dugu urteotan, eta, akaso, orain eta hemen aspaldiago bateko «Amaren sua berpiztuko dut» aireratu beharko genuke. Etxea (familia biltzen eta bizi den espazioa) aitak zainduko bazuen ere, amak gobernatu izan zuen gurean antzinako garaietan.

Eta gure historiara joanik, aspaldi batekoa da baita, Lapurdin, Urruña udalerriko Urtubiako gaztelu barruan eta bertako behe-suaren goialdean dagoen inskripzioa, «BILTZEN, BEROTZEN, BOZTEN». Hantxe biltzen ziren suaren inguruan, hantxe berotzen eta (b)pozten. Suaren ondoan pozaren pozez hizketan igaroko zituzten seguruenik orduak, egunak, urteak. Zertan esanik ez, BILDUren emaitzak ideia eta gogo horren saria direla, gogo eta iritzi anitzen bilduketaren sorkuntza premiaren saria.

Dirudienez, Urtubiako gazteluan agertzen diren hitzak, XIX. mendean Henri Larraldek bertako jabea zenean idatziak dira. Ez dira nolanahiko hitzak, urte eta mendeetan zehar bertan egon izan direnak eta gaurko garai ilusiogarri hauetan oso esanguratsu eta aipagarri direnak. Historia luzea bezain interesgarria du bere horma eta inguruetan gazteluak. Pio Barojak ere La dama de Urtubia izeneko errelatoa idatzia zuen. Maitasun istorioa, akelarreak eta sorginak tarteko.

Behe-suaren goialdean agertzen diren hitzak esanguratsuak badira ere, gaur eta hemen badakigu jakin euskal pentsaera patriarkalaz bizi garela eta horren gainean arautu dugula egitekoa, eta hori aldatzea ez dela egun batetik besterako gauza. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Euskaldunon izatea besteei sinetsaraztea, besteei irabaztea baino hobe dela zioskun oraintsu utzi gaituen eta luzaroan gogoratuko dugun Bittor Kapanagak.

Aukera ederra eta ezin hobea dugu aurrean euskaldunok eta «hanketan burua, edo burua hanketan» zeri indarra eman, hori da kontua. Besteen buruek zer pentsatzen duten badakigu, eta geure burua ikertu eta mamitu beharko dugu halabeharrez, zer nahi dugun, zelan eta nora joan nahi dugun argi edukiz! Geure ahalegin honetan, beharrezkoa dugu non gauden konturatzea, eta nor izan behar dugun bidaide.

Esanguratsua, Xabier Letek idatzi eta berak eta Mikel Laboak ere abesturiko kanta:

«Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai / hauts hartatikan uste gabean noizpait giñaden gu ernai. / Eta horrela bizitzen gera sortuz ta sortuz gure aukera / atsedenik hartu gabe: lana egiñaz goaz aurrera / kate horretan denok batera gogorki loturik gaude».

Bittor berriro hona ekarriz, haren hitzetan, «bizitza ez da gatxa, geuk egiten dugu gatx». Bilgune garaietan gaude, batuketa beti da kenketa baino aberasgarriagoa, zirraragarriagoa eta onuragarriagoa. Etxea eta etxekoak zainduz, itxurakeriaren gain, barru-barrutik eraldatuz, zentzu aldaketaren premian gaude. «Biltzen, berotzen, bozten», badugu herri legez zeri ekin, «amaren suaren transmisioa» etorkizunerako ibilbidean gure etxea arautzeko erreferentzia eta akuilua izan dadila. Ez da jarrera txarra, ezta helburu txarra ere, adarrak, adaxkak eta oskolak bota ditzagun sutara. Saminak eta desatseginak ere amaren suaren beroaz hobeto zaintzen dira, eta amaren suak eman diezagula bidean beharko dugun abegia, abaroa, adimena eta besteenganako begirunea. Biltzen bagara, indartsuagoa izango da gure nahia eta egitekoa; biltzen bagara, amaren sua areagotuko da: euskaldun egin, egiten eta egingo gaituen amaren sua.


Freedom of Expresion - Liberté d´expresion

Freedom of Expresion - Liberté d´expresion
http://www.behatokia.info

Nafarroa blogs

Euskal Herria - Berriak

Berriak - News